Biztanleei eta Garapenari buruzko Nazioarteko
Bileran (Kairo, 1994) sortu zen ugalketa osasunaren
kontzeptua, eta harrezkero sakon berrikusi
badugu ere, bi termino horiek ikuspegi multidiziplinar
batetik aztertzeko premia antzeman dugu.
Nazioarteko Bilera horretan erabaki zen ugalketa
osasunak emakumearen ongizate fisiko, mental eta
soziala barne hartzen dituela ugalketa sistemarekin
eta beronen funtzio eta prozesuekin erlazionaturiko
alor guztietan, hau da, ugalketa osasuna gaixotasunik
edo egongaiztasunik eza baino gehiago da.
Hori dela eta, ugalketa eskubideak bermatzen du
pertsonak bizimodu sexual ona eta arriskurik
gabea izango duela, baita ere ugaltzeko gaitasuna
eta askatasuna duela eta askatasun hori noiznahi
erabiliko duela.
Kontzeptu hau bilera hartan nola planteatu zen
ikusita, badirudi mendebaldeko herrialdeetan konponduta
daukagula arazoa, baina hori ez da inola
ere horrela, ez bertakoen kasuan eta askoz gutxiago
kanpotik etorri eta gure sistema legal, ekonomiko,
sozial eta kulturalaren periferian kokatzen direnen
kasuan. Esaterako, Sahara azpiko Afrikako
emakumeak hona iristen direnean, hizkuntza
arrotz bat aurkitzeaz gain, unibertso sinboliko oso
desberdinei aurre egin behar diete, eta sarritan
estigmatizatuak izaten dira.
