Hizkuntzen Mundua. Munduko hizkuntzei buruzko txostena
2005ean Multilingual Mattersek Txostenaren ingelesezko bertsioa argitaratu zuen (Words and Worlds), eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU-UPV), euskarazko edizioa (Hizkuntzen Mundua; Munduko hizkuntzei buruzko txostena). 2006ko urrian frantsesezko edizioa Un Monde de Paroles, paroles du monde (L’harmattan) eta gaztelerazkoa Palabras y Mundos. Informe sobre las lenguas del mundo (Icaria) aurkeztuko dira. Lau bertsiotarako urte askotan zehar egindako lan guztia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak diruz lagundutako lana izan da.
Munduko hizkuntzei buruzko txostenak Leioan 1996.urtean Hizkuntz Politikei buruz egin zen LINGUAPAX Nazioarteko Mintegian du iturburua. Mintegi hartan, Federico Mayor Zaragozak, orduko UNESCOko Zuzendari Nagusiak munduko hizkuntzen egoerari buruzko ikerketa egitea proposatu zuen. Hain zuzen ere, Mayor Zaragoza jaunak zera esan zuen:
Munduko hizkuntzen egoerari buruko UNESCOren lehen txosten baten premia dago, planetako hizkuntz aberastasuna deskribatu eta munduko lurralde guztietan hizkuntzek dituzten arazoak azalduko dituena, hizkuntz ondarearen kontzientzia sustatu, euren bilakaera behatzen lagundu eta hizkuntza biziak babesteko neurri gaurkotuak gomendatzeko helburuz.
Munduko hizkuntzei buruzko txostena izeneko proiektua UNESCOren 1997ko Biltzar Nagusian (29. bileran) onartu zen eta Euskal Herriak finantzatuta dago, Eusko Jaurlaritzaren (Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta Kultura Saila) eta Unescoren artean 1997ko uztailaren 23an sinatutako Akordio-Memorandumari jarraiki.
Txostenaren helburuak
Txostenaren helburuak, munduko hizkuntza desberdinei buruz ahalik eta informazio gehien biltzea da, munduko hizkuntz ondareari buruzko datu-bankua sortzeko, hizkuntzei buruzko egoeraren diagnosia egitea eta errealitate soziolinguistikoen prospekzio azterketa burutzea. Hori guztia desagertzeko arriskuan edoeta gutxitutako egoeran dauden hizkuntzen sustapen eta berreskurapenerako politiken arloan hartu beharreko erabakiak errazteko.
Egitasmo hau gauzatzeko, zeregin desberdinak dituzten batzordeetan dauden hainbat adituren laguntza izan du UNESCOk. Batzorde Zientifikoa nazioarteko adituek osatzen dute. Miquel Siguán buru delarik, Batzorde honek aholkularitza lanak egiten ditu. Batzorde Teknikoa Euskal Herriko Unibertsitateko, Salamancako eta Bartzelonako Unibertsitateetako irakasleek osatzen dute. Txostena egiteaz gain, proiektuaren koordinazio orokorraz ere arduratzen dena, hain zuzen ere. Egitasmo hau aurrera eramateko denboraldi osoan laneran ari den lan taldea ere badago. Idazkaritza Teknikoan, eguneroko lanean diharduen taldearen egoitza Bilboko UNESCO ETXEAn dago.
Ikerketaren abiapuntua
Munduko hizkuntzei buruzko txostena hizkuntz ordezkapen prozesuen ikerketek lortutako emaitzetatik abiatzen da. Zentzu honetan, zera ikus dezakegu: azken hogeita hamar urteotan hizkuntza kopurua pixkanaka-pixkanaka murrizten joan dela, hizkuntza gehienetako hiztun kopurua ere murrizten ari dela eta hedapen prozesuan dauden hizkuntzetako (ingelesa, swahilia, tagaloa, indonesiera, e.a.) hiztun kopurua, berriz, goraka doala (Junyent 1999).
Gaur egungo hizkuntza bizien kopurua 5.000 eta 6.000 bitartekoa dela uste da, baina horietako asko hil egingo dira hurrengo urteetan (Junyent 1993, Hale 1992, Krauss 1992). Horrela Junyent-en (1999) hitzetan:
Azkeneko bostehun urteetan, munduko hizkuntzen kopurua erdira jaitsi da. Dacsyren estatistiken arabera, 1970etik 1985era bitartean, hizkuntz kopurua 4.500etik 2.700era jaitsi zen; beraz, 1.800 hizkuntza desagertu ziren 15 urtetan. Gaur egun, gutxi gorabehera 2.000 dira transmititzen ez diren hizkuntzak, eta joerak bere horretan jarraitzen badu, XXI. mendean gizateriaren hizkuntz ondarearen %90 desagertuko da.
Ondorioz, hauxe da proiektuaren alderdi deskriptiboarekin jakinarazi nahi dena: hizkuntzen homogenizazio prozesua mundu guztian gertatzen den fenomenoa dela; gune geografikoaren eta hizkuntz komunitate motaren arabera ezaugarri desberdinak dituelarik.
Hizkuntz ordezkapen prozesuen ikerketa orain dela gutxi garatu da soziolinguistikan eta, oraindik, oso esparru mugatua du. Egitasmo hau esparru horretan egindako lanei buruzko informazio zehatzetik abiatzen da. Zentzu honetan, lortutako emaitzek zera adierazten dute, hizkuntzen etorkizunari buruzko diagnostikoa sarritan hiztunen hautematean oinarritzen dela eta homogenizaziorako joera orokorra alde batera uzten dela; honenbestez, txosten honek garrantzi berezia ematen dio diagnostikoari, diagnostikoaren bitartez munduko hizkuntzen iragarpen fidagarriak eskaini nahi baitira. Hitz gutxitan esanda, hizkuntzen egoera eta dinamika azaltzen dituen informazio objektiboa eskaintzen da.
Munduko hizkuntzei buruzko txostena izateak, eta ez hizkuntza jakin batzuei buruzkoa, diagnostiko zehatzagoak eta zuzenagoak egitea ahalbidetu du. Orain arte hizkuntza jakin batzuk aztertu direnez, ez dira euren egiazko testuinguruan aztertu. Beste modu batean esanda, hizkuntzen egoera eta bilakaera aztertzerakoan ez da kontuan hartu hizkuntza hauek hedapen prozesuan dauden beste hizkuntza batzuen ondoan edoeta hauek inguratuta bizi direla eta batzuk eragin handia dutela besteengan.
Kontuan izan behar da hizkuntz ordezkapen prozesuak azaltzeko orain arte garatu den teoria bakarra Sassek (1992) proposatutakoa dela eta bere planteamenduak ordura arte aztertutako kasu bakanetan oinarritu behar izan zuela, nahitaez. Gure proiektuaren zabaltasuna kontuan hartuz, baliteke hizkuntzen heriotza edo berpiztuera azaltzeko erreferentzi eremu bat sortuko duten generalizazio berriak lortzea. Nolabait esateko, jarduera esparru berriak zehaztu eta zabaltzea ahalbidetzeko moduan aztertzen du txostenak hizkuntz dinamika.
Baina, egitasmoaren erronkarik handiena, zalantzarik gabe, etorkizuneko azterketa prospektiboa da. Kontuan hartuz gaur egungo gatazka asko eta asko kultura eta hizkuntz nortasunarekin zerikusia duten gaiekin lotuta agertzen direla, hizkuntzak desagertzeak biziraupenerako baliabideen murrizketa dakarrela eta, askotan, talde patologien sortzaile direla, premiazkoa da komunitate linguistiko guztien garapen osoa ez oztopatzea. Aski da Afrikako Erdialdeko pigmeoei, Afrikako Ekialdeko khoisan herriei, Australiako aborigenei, Estatu Batuetako eta Kanadako amerindiarrei edo Amazoniako komunitateei geratzen ari zaiena ikustea horretaz jabetzeko. Beste hitz batzuekin esanda, beharrezkoa da munduan hizkuntz politika egokiak gauzatzea, horrela, pertsonen arteko bizikidetasun egokirako oinarriak ezarriko baitira (Pinker, 1994).
Lehen esan bezala, proiektua lehendik esparru honetan egin diren lan eta teorietatik abiatzen da. Hala ere, konturatu gara ezin dela jaso hizkuntza guztien informazioa. Horri buruz, zera esan beharra dago: informaziorik eza informazio gisa hartu dela eta informazioa helezina den hizkuntzen kasuan, jarraipen berezia egin da gatazka, genozidio, edo balizko deportazioak aurkitzeko. Alderdi hori proiektuaren prospekzio azterketaren zati garrantzitsua izan da eta alde honetatik lan berria izan da, izan ere, orain arte informaziorik eza hizkuntza jakin batzuetan hartu da kontuan baina ez era orokorrean (Grimes, 1996).
Hasieratik esan beharra dago informazioren prozesaketa komunitateen datuetan oinarrituz egin dela. Hau da, muga administratiboak kontuan hartu gabe. Informazioa horrela prozesatzea funtsezkoa da, guren ustez, proiektuaren prospekzio azterketarako; izan ere, hiztun kopuruan aldaketa garrantzitsuak eragingo baititu. Oro har, hiztunei buruzko datuak errolda ofizialetatik ateratzen dira, eta hauek, estatuen mugak kontuan hartuz egiten dira. Baina komunitate linguistikoetan oinarrituz egingo balira, izugarri aldatzen dira kopuruak. Ethnologuek (Grimes, 1996) ematen dizkigun datuen arabera, 1.000 hiztun baino gutxiago dituzten hizkuntzen kopurua 412koa da (Brasilen 144, Kanadan, 39, Indian 76, Ameriketako Estatu Batuetan 124, Zairen 6 eta Kamerunen 23). Baina zenbaketa egiteko komunitate linguistikoetan oinarritzen bagara, 1.000 hiztun baino gutxiagoko hizkuntzen kopurua 374ra jaisten da. Hau da, 38 hizkuntza gutxiago. Adibide hau nahikoa da hizkuntz politika eraginkor batek esparru administratiboa gainditu eta alderdi historikoak, geografikoak, soziologikoak eta abar kontuan izan behar dituela erakusteko. Esan gabe doa, horiek guztiak hartuko direla kontuan informazioa prozesatzerakoan.
Hizkuntz desagerpena dugu mende honetako arazorik larrienetako bat eta, gainera, atzerabiderik gabeko arazoa dela dirudi (Hale, 1992). Hori bakarrik ez: hiztunak ez dira konturatzen euren hizkuntza hiltzen ari dela harik eta prozesuak atzerabiderik ez duen arte. Beraz, garbi dago premiazkoa dela munduko aberastasun linguistikoaren babesa bultzatuko duen konponbideren bat aurkitzea. Horretarako, nazioarteko komunitateak hizkuntzei buruzko informazio objektiboa behar du, eta zentzu honetan, UNESCOk sustatutako Munduko hizkuntzei buruzko txostena lagungarri ona izan daiteke, ez bakarrik hizkuntzarik ahulenak salbatzeko, baizik eta bidezkoak ez diren hierarkizazioak saihestuko dituzten formulak sortzeko. Hizkuntzak eta kulturak, pertsonak bezala, berdinak dira duintasunari dagokionez, nahiz eta ikuspuntu demografiko, politiko eta ekonomikotik desberdintasun nabarmenak egon beraien artean. Carmen Junyentek (1993) dioen legez,
“Agian merezi du honako gai honetaz pentsatzea: zer gertatu ote zaio aitona bati, kalte egingo diola uste duelako bere hizkuntza bilobari transmititu nahi ez izateko (eta hori milioika lagunengan eragina duen arazoa da) edo bestela, zenbateraino umiliatu duten pertsona bat bere hizkuntzak ezertarako balio ez duela pentsatzera iristeko (ezta bere umeei hitz egiteko ere, bere gurasoek berari hitz egin zioten bezala)”.
Egitasmoaren metodologia
Txosten honen oinarri modura erabili den metodologiak funtsezko bi zutabe ditu: galdeketa eta gai honi buruz lehendik dagoen dokumentazioaren azterketa.
Galdeketa
Munduko hizkuntzei buruzko txostenerako erabili den informazioa bilketa galdeketan oinarritzen da. Beraz, tresna hau da ikerketaren ardatz nagusia eta bere mende daude, neurri handi batean, txostenak emango duen informazioaren kopuru eta kalitatea. Bestalde, liburuetan, ikerketetan, eta erakunde espezializatuetan lehendik bilduta dagoen informazioarekin alderatuko dugu informazio hori.
https://www.amarauna-languages.com/orokorra/txostena.php?hizk=eu